ARGIArako idatzia
Ni ez naiz ni bakarrik. Proiektu bat naiz. Start-up bat. KPI emozionalak dituen sozietate mugatua. Ni eta nire helburuak. Ni eta nire urteko plan estrategikoak. Ni eta nire misioa, bisioa, balioak, entremanendu plana, nutrizionista, terapeuta, marka pertsonala eta Google Calendarra.
Bizitzak optimizatzen ari gara etengabe. Zertarako lo egin, errekuperazio protokolo bat izan badezaket. Zer jan baino nutrizio-erabaki bat kontzienteki hartu badezaket. Bizitzen jakitea baino norbere burua kudeatzen jakitea bada. Inportantea.
Ez zara ondo sentitzen? Landu zeure burua. Nekatuta zaude? Entzun zure gorputza. Besteek gaizki tratatzen zaituzte? Jarri mugak. Ez duzu lagunik? Ikasi bakarrik egoten. Sistema ustelduta dagoela iruditzen zaizu? Meditatu hamar minutuz egunero leku lasai batean. Arazo kolektiboek aterabide indibiduala dutelako. Ez aldatu mundua, aldatu zure arnasketa.
Lehen, ez zen onartzen harrokeria; orain bekatua da zure burua ez erakustea. Gauzak horrelaxe daude, Gorka. Orain marka bihurtu gara. Reel. Kirola egiteko ere guapo jartzen gara. Aurretik eta ondoren dutxatzen gara.
Izango al zara aita? Zer emango dizu horrek? Auto batek bai, auto batek emango dizu prestigioa, erosotasuna, abiadura. Bikotekidea izango duzu? Familia bat sortuko? Zure bertsiorik onena ateratzen lagunduko dizu horrek? Lagun hori interesatzen zaizu? Zer emango dizu? Zure espazioa behar duzu. Zure denbora. Zure etxea, bizikleta eta excella. Ondokoak: gure ongizatearen dekoratuak.
Ni eta nire tatuajeak. Besoan: “Resilience”. Lepoan: “Aske”. Saihets aldean: “Hemen eta orain”. Baina larunbat arratsaldea libre geratzen bazait urduri jartzen naiz.
Ni naiz nire territorio bakar eta subiranoko nagusi bakarra. Nire errepublika da existitzen den bakarra. Hementxe hasten da eta amaitzen mundua. Ni nirekin niretzat niregandik niregana. Ni. Nire deklinabide marka guztiekin. Nork niri nor.